Gureak Taldearen industria-adarrak, Gureak Industrialek, bere energiaren sektoreko dibertsifikazio-estrategia berriaren barruan ezarritako helburuetako bat lortu du. Desgaitasuna duten pertsonentzat lan-aukerak sortzen dituen euskal enpresa-taldea, mundu mailako energia-enpresa nagusietako baten hornitzaile bihurtu da, General Electric hain zuzen, haize-sorgailu berrien kableak egiteko.
Gureak Industrial bere proiektu-zorroa dibertsifikatzeko estrategia berri batean murgilduta dago. Urteak daramatza Vestas, MVOW, Nordex, SGRE edo Ingeteam bezalako enpresen hornitzaile bihurtu da. “Azken bi hamarkadetan, industria-arloan gure posizioa berretsi dugu, energia-sektoreko eragile nagusien konexio-elementuen eta kableatuen partner gisa; bi eremu nagusietan gaude, onshore eta offshore, gure bezeroek turbina eolikoen zati desberdinetan muntatzen dituzten kable-sistemak hornituz”, azaldu du Antxon Jaular Gureak Industrialen Energia sektoreko key account managerrak.
Estrategia horren ondorioz, hainbat aurrerapauso eman dira eta horrek General Electric-en premiekin “denboran bat egitea” ekarri du. Energia erraldoi honek, 80 errotako offshore plataforman aurrera egiten ari da, Frantziako Bretainian instalatzeko. “Itsasoan kokatzen diren turbinak dira, milaka etxetako urte osoko hornidura elektrikoa modu iraunkorrean sortzen dute”, adierazi du Energiako arduradunak.
Hori lortzeko, 260 metroko altuera duten egiturak eraikitzen dira, 107 metroko altuera arteko palak dituztenak. Gureak Industrial enpresak kable kitak hornituko ditu nacellerako -palak biratzen diren dorrearen goialdeko elementua-, dorrerako eta e-stacketarako -aerosorgailuen oinarriak-. Praktikan, “400 kable erreferentzia dira, seinale, aginte eta potentzia kableatuak kontutan hartuta”, Jaularrek zehaztu duenez.
Haliade 150-6MW izeneko proiektuak 3 edo 5 urteko iraupena du, eta euskal taldean 150 pertsona baino gehiagoren jarduerari eutsiko dio – gehienak desgaitasunekin –. Horrekin, Gureak Industrial enpresak “benetako balio erantsia eskaini nahi du, hornitzaile hutsaren kontzeptutik ihesi eginez”, azpimarratu du Jaularrek, “Mugarri garrantzitsua da guretzat, beste etorkizuneko bide berri bat irekitzen digulako beste bezero batekin, energia berriztagarrien artean etorkizun handia duen offshore motan, merkatuan potentzial handia duena”.
Gureak Industrialek hamar lantegi ditu Gipuzkoa osoan. Horietako bik, Tolosakoa eta Errenteriakoa, energiaren sektorearekin lan egiten dute -Energia sailak Gureak Industrialen fakturazioaren % 15 hartzen du-. Tolosakoak ehun lagun inguru ditu lanean. Errenterian 155k egiten dute lan.
Taldearen industria adarretik balioan jartzen dute horrelako proiektuak aurrera ateratzen direla “langileen eta teknikarien profesionaltasunagatik, proiektuan oso inplikatuta baitaudelako”. Gureak Taldeak 6.000 langile baino gehiago ditu, % 83 desgaitasunekin.
SPRI Taldeak euskal enpresen I+G bultzatzen du tresnekin, aktiboekin, laguntzekin, lantalde eta aliantzekin, ikerketa sustatzeko eta teknologia berriak sortzeko. Hori dena Elkartek, Emaitek edo Hazitek bezalako programen bidez lortzen da, eta horien informazioa hemen dago eskuragarri.