Select Page

Basquexport

La plataforma que te ayuda a vender
en mercados internacionales.

Berriak

Enpresa gipuzkoarrak Alemaniako, Frantziako, Ameriketako Estatu Batuetako eta Indiako multinazional handiekin lan egiten du.

Kimua Group karga handiak manipulatu, jaso eta garraiatzeko ingeniaritzan espezializatuta dago. Bere bezeroak, batez ere, ‘Wind onshore’ eta ‘wind offshore’, trenbide, instalazio zientifiko handien edo siderurgia sektoreetakoak dira. Besteak beste, General Electric, Siemens eta Nordex multinazionalak ditu bere bezeroen artean, eta Alemanian, Frantzian, Estatu Batuetan eta Indian jarduten du. Izan ere, Kimuak bere jardueraren % 50 baino gehiago atzerrian egiten du.

Lizartzan (Gipuzkoa) egoitza duen enpresak eskaintzen dituen zerbitzuak honako hauek dira: makinen diseinua eta fabrikazioa, renting-a eta manipulazioaren eta finkatzearen inguruko prestakuntza. Bere proba-banku propioa ere badu, Lamia izenekoa. Banku hau modularra, monitorizatua eta eramangarria da, eta hainbat proba egiteko aukera ematen du, hala nola flexio-, trakzio- eta tortsio-probak. Gainera, monitorizazioa laserrarekin edo teknologia estentsiometrikoaren bidez egin daiteke, piezen portaerari buruzko datu gehiago lortzeko.

Kimuaren helburuetako bat bere digitalizazio ahalmenean eboluzionatzea da, eta SPRIrenHazitek programari esker, bere jarduera zerbitizatzeko eta digitalizatzeko prozesu batean murgildu da. “Aitzindariak gara data loging zerbitzuak ematen eta logistika adimenduneko biltegiak egiten”, azpimarratu du Begoña Zubelzu Kimuako merkataritza arduradunak.

Beste helburuetako bat kalitate goreneko jarduera jasangarria lortzea da. Begoña Zubelzuren arabera, “gure instalazioetan ekintzak martxan jartzen ditugu gure jarduera ahalik eta jasangarriena izan dadin, berrerabilpenaren eta energia garbien bidez”. Era berean, egiten dituen diseinu guztiak eko-diseinuak dira eta jasangarritasun-estandarrekin egiten dira.

Etorkizunari begira, industria kargak manipulatzeko soluzioetan erreferente izan nahi du Kimuak, eta digitalizazioan eboluzionatzen jarraitu nahi du. “Adimen artifiziala garatu nahi dugu, soluzioak autonomoak izan daitezen”, gaineratu du.

SPRI Taldeak euskal enpresen I+G bultzatzen du tresnekin, aktiboekin, laguntzekin, lantalde eta aliantzekin, ikerketa sustatzeko eta teknologia berriak sortzeko. Hori dena Elkartek, Emaitek edo Hazitek bezalako programen bidez lortzen da, eta horien informazioa hemen dago eskuragarri.