Select Page

Basquexport

La plataforma que te ayuda a vender
en mercados internacionales.

Berriak

Nazioartekotzeko Euskal Agentziak (Basque Trade &Investment) jardunaldi bat antolatu du datorren uztailaren 20rako, bertatik bertara aztertzeko euskal enpresek Taiwanen dituzten negozio aukerak. Ekitaldian hizpide hartuko dira energia berriztagarri, mugikortasun eta bioteknologia sektoreak.

Izen-ematea tramitatzeko posta elektroniko bat bidali behar da info@basquetrade.eus helbidera.

Jardunaldia Bilbon egingo da, presentziala izango da, eta aztergai izango dira Taiwanek euskal enpresarientzat eskaintzen dituen sektore interesgarrienetako aukerak eta jardunbide egokiak, euskal enpresek aukera izan dezaten Taiwanen merkatua irekitzeko eta enpresa-trukerako harremanak sortzeko. Nazioartekotzeko Euskal Agentziako kontseilari delegatu Ainhoa Ondarzabalek irekiko du jardunaldia, eta bertan izango dira Taipeiko Ekonomia eta Kultura Bulegoko kide bat, eta baita ere hainbat enpresatako ordezkariak. Enpresa horiek balioan jarriko dituzte Euskadi eta Taiwanen arteko harreman komertziala areagotzera bideratutako kudeaketa-gaitasunak.

Energia berriztagarriei dagokienez, Taiwanek energia sektorea berregituratzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko proiektu bat abiarazi du, arreta berezia eskainiz on- eta off-shore energia eolikoari, energia fotovoltaikoari eta eguzki energia termikoari. Taiwaneko gobernuak helburutzat du zentral nuklearrak ixtea 2025erako, 2005eko isuri maila % 20 murriztea 2030erako eta % 50 2050erako, energia merkatua berehala liberalizatzea, eta eguzki energiaren 20 GW eta energia eolikoaren 6 GW instalatzea. Horretarako, 50.000 milioi eurotik gorako inbertsioak aurreikusi ditu hemendik eta 2025era.

Inbertsio-proiektu handiak egingo dira baita ere mugikortasun sektorean, bereziki metroan, hiru proiektu handi aurreikusi baitira hemendik eta 2030era bitartean. Era berean, Taiwanek bere burdinbideak erabat berritzeko proiektu bat bultzatu du, eta hirugarren eraikuntza faseari ekingo dio laster (Railway Reconstruction Bureau fase hori planifikatzen ari da oraindik).

Azkenik, aukera asko daude orobat bioteknologia arloan. Biztanleria oso zahartua duelarik, Taiwango merkatua munduko lehen 25en artean dago balioari dagokionez, eta menpekotasun handia du inportazioekiko, nahiz eta gobernuak eginahalak egin dituen bertako industria garatzeko. Ekipamendu mediko, kirurgiko, ortopediko, odontologiko edo oftalmologikoen balio-kateak lankidetza-aukera interesgarriak eskaintzen ditu balio erantsi handiko ekipamendu medikoen garapenerako.