Select Page

Basquexport

La plataforma que te ayuda a vender
en mercados internacionales.

Berriak

“Taiwanek 2025erako finkatua duen helburua da energiaren % 20 iturri berriztagarrietatik lortzea, gaur egun inportatzen duen %90aren aldean, eta horrek aukera handiak dakartza” aipatu da SPRIk antolatutako jardunaldian.

SPRI Taldeak Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren (BTI) bidez antolatutako topaketa batek “Taiwaneko negozio-aukera berriak” aurkeztu dizkie euskal enpresei; eszenatoki berri bat da, igurikipen interesgarriak eskaintzen dituena energia berriztagarri, mugikortasun eta bioteknologia sektoreetan.

Asiako merkatuan estrategikoa den herrialde hori ezagutzera emateko asmoz, BTIk Jose Maria Liu (Taiwanek Espainian duen ordezkari gorena) eta Jon Lezamiz (Siemens Gamesa-ko Global Head of Public Affairs) gonbidatu ditu. Lezamizek merkatu horretako esperientzia partekatu du, non presente baitaude 2016tik eta zeinetan haziz joan baitira energia eolikoaren negozioan.

BTIko zuzendari Ainhoa Ondarzabalek eman dio hasiera jardunaldiari esanez energia berriztagarriena dela Taiwanen etorkizun oparoena duen sektorea, gure industriaren lehiakortasunagatik eta etorkizun hurbilean sortuko den eskaeragatik. Taiwanek energia sektorea berregituratzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko proiektu bat abiarazi du, arreta berezia eskainiz on- eta off-shore energia eolikoari, energia fotovoltaikoari eta eguzki energia termikoari.

Mugikortasunaren merkatua da beste aukera-segmentu bat, inbertsio-proiektu garrantzitsuak egingo baitira, batez ere metroan eta MRT tren-sisteman. Inbertsio handiak egingo dira baita ere portuetako azpiegitura proiektuetan.  Ondarzabalek azaldu du Taiwan mundu mailako liderretako bat dela sektore horrekin erlazionatutako industria garrantzitsu batean, hots, erdi-eroaleen produkzioan.

Bestalde, Taiwaneko ordezkari ekonomikoak, Jose Maria Liu-k, azaldu du Taiwanek 23 milioi biztanle dituela eta kokapen estrategikoa duela geografikoki. 2020an hazkunderik handieneko Asiako ekonomia izan zen (% 3,11) eta % 5,46ko hazkundea aurreikusi dute 2021erako. Harreman komertzial estuak dauzka bere ingurune hurbilenarekin, hau da, Txinarekin eta ASEAN taldekoekin (Asia hego-ekialdea) eta EBrekin berriki itxi dituen akordioei esker, erreferente bihurtu da inbertsioetarako eta negozioetarako. Taiwanek energiaren sektorea liberalizatu du eta, gainera, mundu mailako erreferentea da erdi-eroaleen merkatu globalean (% 63). Liu-k esan du euren helburu estrategikoetako bat dela datozen urteetan independentzia energetikoa lortzea. Horrek negozio-aukera handiak dakarzkie euskal enpresei, zeintzuek esperientzia handia baitute sektore horretan. Gainera, Taiwanen helburu industrialetako batzukbioteknologiarekin lotutakoak dira, eta aipagarria da bere BPGaren % 6,6 bideratzen duela osasun arloko gastu publikora.

Jardunaldia amaitzeko, Siemens Gamesa-ko ordezkariak euren esperientzia azaldu du, 2016tik baitaude merkatu honetan. Enpresak Taiwanen duen negozioa bi ildo nagusitara bideratuta dago: batetik, lurreko zein itsasoko energia eolikora eta, bestetik, turbinen mantenimendura.

Lezamizek azaldu du Taiwanek 2025erako finkatua duen helburua dela energiaren % 20 iturri berriztagarrietatik lortzea, gaur egun inportatzen duen energiaren % 90aren aldean, eta horretarako, ekonomia ireki bat prestatzen ari dela, elkarrizketa oparoa mantenduz sektore pribatuarekin eta are gehiago indartuz produkziorako zein merkataritzarako azpiegitura giltzarriak.  Itsasoko energia eolikoari dagokionez, eremuak zonakatu dituzte energia eolikoa ekoizteko eta harremanak estutu dituzte arrantza sektoreko balio-katearekin.

Jardunaldia amaitutakoan, Ondarzabalek Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren laguntza eskaini die Taiwan ezagutu nahi duten eta harekin harreman komertzialak hasi nahi dituzten enpresei. Horretarako, BTIk baditu baliabide teknikoak eta giza baliabideak, bai Euskadin eta bai jomugan, euskal enpresek errazago eta berme handiagoekin ekin diezaieten atzerriko proiektuei.