Select Page

Basquexport

La plataforma que te ayuda a vender
en mercados internacionales.

Berriak

Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren Beint programak -35 urte bete dituenak- onuradun kopurua handitu du eta 5 milioi euroraino igo du bere aurrekontua.

Eusko Jaurlaritzak itzuli beharrik gabeko 60.000 eurorainoko laguntzak emango dizkie Beint bekakeskuratzen dituzten unibertsitateko gazteei; beka horiek aukera ematen diete atzerrian prestatzeko eta nazioarteko merkataritzako profesional bihurtzeko. Datorren martxoaren 26an irekiko da (eta apirilaren 26an bukatuko da) programa honetan izena emateko epea. Aurtengo edizioan 125 beka eskainiko dira, aurreko edizioetan 100 izan baziren ere. Aurrekontua ere hazi egin da 5 milioi euroraino.

BEINT programa aukera paregabea da unibertsitateko goi-mailako titulua duten 31 urtetik beherako gazteei nazioartekotzeari eta kanpo-merkataritzari buruzko prestakuntza emateko. Programa zabal honek bere baitan hartzen ditu unibertsitate-prestakuntza, 12 hilabeteko praktikaldi bat nazioartekotzea sustatzeko organismoetan eta 8 hilabeteko beste praktikaldi bat munduko hainbat herrialdetan kokatutako enpresetan. Helburua da prestakuntza ematea nazioartekotzearen arloko talentu berriei, erantzuna eman diezaieten euskal enpresa eta erakundeen premiei.

35 urteko ibilbidea egin ondoren, talentu berriak nazioartekotzeko tresna honek ia % 100eko enplegagarritasun-indizeak dauzka.

Basque Trade & Investment – Nazioartekotzeko Euskal Agentziak egiten du programaren urteroko deialdia, hiru fase ditu eta bi urte irauten du. Lehen fasean enpresen nazioartekotzeari buruzko ikastaro bat egiten da eta ikastaro horrek gutxi gorabehera 4 hilabete irauten du. Prestakuntza presentzial horretan, ikasleek sakonki landuko dituzte nazioarteko merkataritzaren arauak eta errealitatea, euskal ekonomia-ehuna, eta enpresa multilokalizatuak kudeatzeko behar diren gaitasunak. Esan bezala, lau hilabete iraungo du, aurtengo irailetik abendura.

Ziurtagiri hori lortzen duten bekadunak bigarren fasera igaroko dira, non 12 hilabeteko prestakuntza praktikoa jasoko baitute nazioartekotzeari laguntza emateko erakundeetan. Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren bulego-sarean, Espainiak atzerrian dituen bulego ekonomiko eta komertzialetan eta nazioartekotzea bultzatzeko beste organismo edo elkarte batzuetan egingo dituzte praktika horiek. Hala, gazte parte-hartzaileek beren ezagutzak zabalduko dituzte kontinente desberdinetako 40tik gora herrialdetako jomugetan. Fase hori 2022ko urtarriletik abendura bitartean garatuko da.

BEINT beken azken fasean praktika profesionalak egiten dira nazioartekotutako enpresetan, elkarteetan, klusterretan edo beste organismo multilateral batzuetan. Programaren fase honetara iristen diren gazte bekadunek kanpo-merkataritzari buruzko gaitasunak eta ezagutzak hobetuko dituzte benetako enpresa-ingurune batean edo nazioarteko organismo batean. Praktika horiek aukera paregabea dira atzerrian lan-aukerak aurkitzeko, eta horren erakusgarri da aurreko edizioetan parte hartu duten gazteen erdia-edo, gaur egun, lanean ari direla praktikak egin zituzten konpainietan. Hirugarren fase hori 2023ko urtarriletik abuztura bitartean garatuko da.

BEINT bekek 30.000 eta 60.000 euro bitarteko zuzkidura dute pertsona bakoitzeko, atzerriko jomugako bizi-mailaren arabera.  Programa honek 35 urteko ibilbidea du dagoeneko eta, denbora horretan, 1300 gaztek baino gehiagok jaso dute nazioartekotzeari eta kanpo-merkataritzari buruzko prestakuntza. Nahiz eta unibertsitateko edozein gradutako ikasleek parte har dezaketen, ohikoenak izaten dira Administrazio eta Enpresen Zuzendaritzako, Ingeniaritzako eta Zuzenbideko ikasleak.