Diseinuan espezializatutako euskal enpresak esparru publiko eta pribatuetan du presentzia, 55 herrialde baino gehiagotan.
1984an sortua, Eneak goi mailako altzariak diseinatu eta egiten ditu Legorretan (Gipuzkoa) duen egoitzan. Espazio publikoetarako altzarietan espezializatuta dago, hala nola: bulegoak eta enpresak, ikastetxeak, ospitaleak, bilera-gelak eta biltzarrak, tabernak eta terrazak. Enpresa horren ardatz nagusiak kalitatea, jasangarritasuna eta produktuen diseinua dira.
Jasangarritasunari dagokionez, Eneak Advantage Gold Certification Indoor ziurtagiria dauka, diseinu guztiak “ekodiseinatuta” daude eta karbono-isuriak murriztea helburu duen proiektu bat hasi berri du.
Enea Mondragon Korporazioko kooperatiba da, eta, Juan Sáenz de Argandoñaren arabera, Eneako zuzendari nagusia, “gure bezeroek aintzat hartzen duten bereizgarria da. Diseinuaren munduan ez dago kooperatibarik, enpresa pribatuak dira eta oso pertsonalistak dira”. Gainera, 55 herrialdetan baino gehiagotan ditu bezeroak eta eraikin esanguratsuetan ditu produktuak, hala nola Jean Nouvelen Parisko Filarmonikoan, Ricardo Bofillen Marokoko Bengueir Unibertsitatean eta Rafael Moneoren Kursaal kongresu jauregian.
Arkitekto ospetsuekin lan egitea esanguratsua da enpresarentzat, baina “lan onenak preskriptoreekin elkarlanean egiten direnak dira, elkarrekin lan egiteko aukera ematen dizutenean”. Gainera, bere produktuak Reale Arena futbol zelaian (Donostia), Maasmechelengo Udalean (Belgika) edo Jura enpresaren egoitzan (Praga) daude.
Bere ibilbidean zehar, Eneak gehien saldu dituen produtuak eserlekuak izan dira. Gaur egun, diseinuko altzarien munduko beste alor batzuetan hazten joateko helburuarekin ari da lanean Gipuzkoako enpresa. “Altzariak ez dira eserlekuak bakarrik, eta gero eta soluzio gehiago eskaintzeko joera dugu. Irtenbide integralak eskaini nahi ditugu, betiere diseinuaren eta kalitatearen premisapean.”, gaineratu du Sáenz de Argandoñak.
Beste edozein enpresatan bezala, COVID 19k sortutako pandemiak eragina izan du Enearen jardueran. Eneak lan ‘eten’ hori baliatu du bere antolakuntza berregituratzeko eta aldaketa estrategikoak egiteko. Aurrera begira, Enean baikortasunez ikusten dute etorkizuna. “Bulego modeloa aldatu egingo da eta garapen berriek lanpostu berrien erabilera beharrak bete behar dituzte”, azpimarratu du Saenz de Argandoñak.
Euskal enpresen nazioarteko proiektuak bultzatzea da SPRI Taldearen helburuetako bat; izan ere, Basque Trade and Investment Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren bidez, leihatila bakarraren bidez bere baliabide eta laguntza guztiak jartzen ditu enpresen eskura, sektore eta herrialde desberdinen ezagutza partekatuz.