Select Page

Basquexport

La plataforma que te ayuda a vender
en mercados internacionales.

Berriak

SPRIk ezagutzera emango du bere esperientzia industria adimenduna sustatzeko erakunde-kudeaketan.

Argentinako Córdoba probintziako eta SPRIko ordezkariek industria arloko mahai bat antolatu dute, gaikako hainbat saiotan elkarrekin partekatzeko eta azaltzeko industria adimendunari eta haren erakunde-kudeaketari buruzko hainbat alderdi. Bilera horietan SPRIko ordezkariek industria adimenduna bultzatzeko politiketan izandako esperientzia azalduko diote Argentinako ordezkaritzari. Bilerak online izango dira, eta maiatzaren 12an (asteazkena) hasi eta maiatzaren 26an bukatuko dira.

SPRIk Córdobako gobernuko ordezkariekin partekatuko dituen gaiak Euskadik arlo hauetan bildutako esperientziei buruzkoak dira: industria-kudeaketa, klusterizazioa, 4.0 Industria, ekintzailetza, ekonomia zirkularra eta industria-parkeak, industria-guneak eta robotikako parkeak.

Erakunde-kudeaketako mahaian Córdobako ordezkaritzak bertatik bertara ezagutuko ditu eskualdeen garapena bultzatzeko politika publikoen mekanismoekin zerikusia duten alderdiak.

Klusterren esperientziari buruzko bileran SPRIk hizpide hartuko ditu bere eredu arrakastatsuak, eta azalduko du nola funtzionatzen eta etengabe eboluzionatzen duten eta nola mantendu diren denboran.

SPRIk 4.0 Industrian duen esperientziari buruzko bileran aztergai izango dira industria adimendunaren Euskadiko erronkak,  kontuan hartu diren alderdi kritikoak eta erronka horiei aurre egiteko I+G arloko estrategiak.

Ekonomia zirkularra da Córdobak bere eskualde-garapenerako funtsezkotzat jo duen beste arlo estrategiko bat. Euskadiko politika publikoak eta beren kudeaketa ezagutzea izango da bilera horren gaia.

Nazioartekotzea eta ekintzailetza ere biziki garrantzitsuak dira pandemiaren kausaz ziurgabetasunez betea dugun egungo testuinguruan.

Industria-mahaian parte hartuko duten Córdobako ordezkariak dira: Federico Sedevich, Teknologia Berrien eta Ezagutzako Ekonomiaren idazkaria; Fernando Sibilla, Industriako idazkaria; Juan Pablo Ingleses, Merkataritzako eta ETEen arloko idazkaria; Gabriel Raya, Artikulazio Zientifikoko idazkaria; eta Alejandra Barbero, Industria Parkeen idazkaria.

Córdobako probintziak eta Euskadik antzeko ekoizpen-profilak eta kultur sustrai komunak dituzte, eta industri arloko elkarrizketa-mahai hau Córdoba 2030 ekoizpen-matrize berria diseinatzeko proiektuaren barruan kokatzen da.