Select Page

Basquexport

La plataforma que te ayuda a vender
en mercados internacionales.

Berriak

Andoaingo enpresak ‘Release Liners’ materiala ekoizten du, eta 2021ean Neenah paper fabrikatzaile amerikarraren parte bihurtu da, burtsan kotizatzen duena.

Silicone Release Liner materiala ez da oso ezaguna, baina eguneroko hainbat produktutan dago, hala nola: tirita baten itsasgarria estaltzen duen papera, material kirurgikoa, labe-papera edo balen aurkako babesa. Material horrek produktuen funtsezko propietateak mantentzen laguntzen du, eta Itasa euskal enpresa horren fabrikazioan espezializatuta dago.

Itasa, egoitza nagusia Andoainen (Gipuzkoa) duen enpresa, Europako hiru fabrikatzaile garrantzitsuenetako bat da, eta, gaur egun, 55 herrialdetan ditu zuzeneko salmentak; beraz, diru-sarreren % 90 nazioarteko salmentetatik datoz. Egoitza nagusiaz gain, Mexiko eta Malaysian ordezkaritzak ditu.

“Mexikon eta Malaysian egoitzak izatea abantaila estrategikoa da gure merkatuaren dibertsifikazio geografikoari dagokionez. Gainera, pandemiak kalte handiak eragin dituen sektoreak orekatzeko aukera eman digu, automobilgintza esaterako, osasun sektorearen aurrean”, adierazi du Olivier Lavaud Itasako zuzendari nagusiak.

Itasako bezeroen sarean sektore hauetako enpresak daude: higienea, etiketak, zinta itsasgarriak, arte grafikoak, automobilgintza, eraikuntza, medikuntzaren sektorea, konpositeak, gutun-azalak, elikadura eta beste hainbat. “Harro gaude gure bezeroen etorkizuneko estrategiaren parte izateaz, sinergia horri esker merkatuaren batez besteko hazkundearen gainetik hazi gara”, gaineratu du Lavaudek.

Gaur egun, Itasak erabiltzen duen paperaren % 80ak jatorri jasangarria du, eta lan handia egiten ari da energia-eraginkortasunean eta emisioen murrizketan. Hori dela eta, Ecovadisek erantzukizun sozial korporatiboko zilarrezko agiria eman dio.

Urte honetan, Neenah Paper multinazional amerikarraren parte bihurtu da Itasa. “Neenah-ren parte izateak I+G saila gure etorkizun estrategikorako hazkunde bultzada bihurtzeko aukera ematen digu”, azpimarratu du Itasako zuzendari nagusiak. Gipuzkoako enpresaren plana abangoardiako teknologia-plantak izaten jarraitzea da, eta horrela hazten jarraitzea.

Euskal enpresen nazioarteko proiektuak bultzatzea da SPRI Taldearen helburuetako bat; izan ere, Basque Trade and Investment Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren bidez, leihatila bakarraren bidez bere baliabide eta laguntza guztiak jartzen ditu enpresen eskura, adibidez Elkartu, Gauzatu edo BEINT eta Global Training Bekak.