Select Page

Basquexport

La plataforma que te ayuda a vender
en mercados internacionales.

Berriak

Ipar Amerikako hiru herrialdeek (Mexiko, Estatu Batuak eta Kanada) merkataritza libreko itun berri bat sinatu dute (T-MEC izenekoa), aurreko NAFTA ituna ordezkatzera datorrena eta aldaketa garrantzitsuak dakartzana hiru herrialde horietan lan egiten duten euskal enpresentzat. SPRI Taldean integratutako Nazioartekotzeko Euskal Agentziak (Basque Trade & Investment) antolatutako jardunaldi batean ezagutzera eman dira Mexikori buruzko nobedadeak, Euskadiko konpainia asko baitaude han: 232 guztira.

Nazioartekotzeko Euskal Agentziako zuzendari Ainhoa Ondarzabalek ireki du astearte honetan jardunaldi telematiko hori, azpimarratuz “Mexiko merkatu estrategikoa dela euskal enpresentzat”, Euskadiren hamargarren bazkide komertziala delako, euskal enpresen ezarpen gehien (232) dituen munduko bigarren herrialdea delako eta 600dik gora euskal enpresak esportatzen dutelako hara. “Euskal enpresek 63 ezarpen produktibo eta 6 ezarpen komertzial dituzte Mexikon”.

Mexikoko automoziorako materialen arloko kontratista guztiak biltzen dituen Industria Nacional de Autopartes elkarteko presidente Oscar R. Albinek merkataritza libreko itun berriaren negoziazioetan parte hartu zuen, eta baita ere jardunaldi honetan. Azpimarratu duenez, automozio sektoreko marka handiak Mexikon kokatzen dira “bere kokapen geografikoagatik, eta baditugu 1. mailako 600 hornitzaile eta 2. mailako 900. Lan-eskuaren kostua 4€/orduko da, egokia kostu baxuko herrialde erakargarri bat izateko”.

Automozioak %18ko ekarpena egiten dio Mexikoko BPGari, elikagaien industriaren atzetik (% 22). Zuzeneko milioi bat lanpostu inguru sortzen ditu, “automozioaren produkzio intentsibo osoa daukagulako”.

Albinek zehaztu egin ditu itun berriak dakartzan aldaketak, esaterako altzairu erosketen %70 hiru herrialdeetan egitea, gutxieneko soldata orduko 16 eurokoa izatea edo ibilgailuen zazpi osagai Mexikon, AEBetan edo Kanadan ekoitziak izatea. “Zaila da arau horiek betetzea eta esportatzeko aukera izatea. Europako enpresek lan handia egin behar dute Ipar Amerikako merkatuan sartzeko”.

Mexikon lan egiten duten hiru euskal enpresaren esperientziak azaldu dira jardunaldian. Agustín Estalayok, RPK konpainiako zuzendari nagusiak, esan du itun berriak “aukera apartak ireki dizkiela Mexikon lan egiten duten euskal enpresei.  Gure kasuan, zehaztu behar dugu zein proiektutan sartu nahi dugun. Itunak badu erronka bat lan arloan eta askatasun sindikala indartzeko klausuletan, ezinbestekoa izango baita soldatak igotzea.

Halere, uste du soldatak igo arren “merkeagoa izango dela Mexikon ekoiztea. COVID-19ak aldatu egin du hornikuntza-eredua, eta Ekialdetik inportatzen zuten enpresek Mexikoko hornitzaileetan jarri dituzte begiak orain. Baina ez daukat argi enpresa berriak sartuko ote diren”.

Mexikon 13 lantegi dituen Cie Automotive enpresaren merkataritza arloko eta ingeniaritzako zuzendari José Luis Cendejasen arabera, “gure teknologia-aniztasuna aukera bikaina da gure balioa handitzeko”. Etorkizunari buruz uste du eskualdeak hazten jarraituko duela. “Itun berriarekin, inportatzaile izan diren enpresak behartuta daude lokalizatzera: lehen Thailandian egiten ziren negozioak orain Mexikon egiten dira”.

Hodi formako osagaiak egiten dituen eta duela bost urte Mexikon kokatu zen Hijos de Juan de Garay enpresaren zuzendari nagusi Pedro Vegaren arabera, prozedura administratiboak konplexuagoak dira, “eta geldirik izan ditugu kamioiak arazo burokratikoak konpondu zain. Baina merkatuari esker hazi egingo gara eta baditugu bezeroak proiektu gehiago eskatzen dizkigutenak”.