Select Page

Basquexport

La plataforma que te ayuda a vender
en mercados internacionales.

Berriak

Elcometer konpainiak barnean hartuko du karrozeria-tailerrerako ekipoen fabrikazioan espezializatuta dagoen Arabako enpresa, bere marka eta lan-taldeari eutsiz.

65 urtez nazioartekotzearen aldeko apustua egin ondoren, eta mundu osoko 80 herrialdetan baino gehiagotan presentzia lortu ondoren, Arabako Sagola konpainia Elcometer konpainia britainiarrean sartu da. Azken hau munduko liderra da estalduren eta saiakuntza ez-suntsitzaileen industrietarako ekipoen diseinuan, fabrikazioan eta horniduran.

Sagola 1955ean sortu zen industriarako azpikontratazio-tailer txiki gisa. Gaur egun, karrozeria-tailerrerako ekipoak egiten ditu, hala nola, pistolak, iragazketa-sistemak, garbigailuak edo aire beroko sistemak, baita CNC pintatzeko makina konplexuak ere. Bere produktuak merkatu berrietara zabaldu zituen, Latinoamerikatik hasi eta herrialde arabiar, asiar eta europarretara hedatzen jarraitu du.

Orain, 65 urteren ondoren, “oraindik hedapen plan estrategiko handiak ditugu helburu bezala”, adierazi dute Sagolako arduradunek. “Aukera nabarmenak ditugula uste dugu, gure produktuak mundu osoan aitorpen handia izan baitute. Baina, guk geuk gure hedapen planak gauzatzeko dugun gaitasuna mugatua da”.

Horren ondorioz, Arabako enpresak akordioa sinatu du bere marka Elcometer enpresan sartzeko eta, horrela, Sagolaren nazioarteko hedapena bultzatzeko, konpainia britainiarrak mundu osoan zehar dituen bulegoen sare zabalaren bidez.

Elcometer enpresak Manchesterren du egoitza eta 70 urte baino gehiagoko ibilbidea du. Egiten dituen produktuen % 90 baino gehiago esportatzen ditu, bai bulego horietatik, Frantzian, Alemanian, Japonian, Herbehereetan, Singapurren, Arabiar Emirerri Batuetan eta AEBetan banatuta daudenak; eta baita mundu osoan 170 herrialde baino gehiago hartzen dituen banaketa-sare globalaren bidez ere.

Nortasunari eutsiz

Sagola Elcometer enpresan sartu den arren, eta bi enpresek sinatutako akordioaren arabera, Arabako konpainiak bere produktuak bere markapean saltzen jarraituko du, lan-talde berarekin eta bere banaketa-sare propioarekin. “Bi konpainiek Sagolako taldeak jarraituko duela ziurtatu nahi izan dugu, eta haien laguntzarekin Sagola mundu osoan haztea espero dugu”, azpimarratu du Arabako enpresak. “Ziur gaude Sagolaren garapenaren eta hazkundearen hurrengo fasearen hasiera dela”.

Euskal enpresen nazioarteko proiektuak bultzatzea da SPRI Taldearen helburuetako bat; izan ere, Basque Trade and Investment Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren bidez, leihatila bakarraren bidez bere baliabide eta laguntza guztiak jartzen ditu enpresen eskura, sektore eta herrialde desberdinen ezagutza partekatuz.