Select Page

Basquexport

La plataforma que te ayuda a vender
en mercados internacionales.

Berriak

“Mundura Begira” ekitaldian 600 parte-hartzaile inguru elkartu dira pandemia osteko mundu mailako eszenatokiaz eztabaidatzeko.

Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiaren hitzetan, “Euskadi Europako ekonomia irekienetako bat da, Italia edo Frantzia bezalako herrialdeen gainetik, 5.000tik gora enpresa esportatzaile eta produkzio-ezarpen baititu mundu osoan barrena”. Tapiak eman dio hasiera SPRI Taldeko Nazioartekotzeko Euskal Agentziak (Basque Trade & Investment) antolatzen duen Mundura Begira ekitaldiari. Erreferentziazko ekitaldia da Euskadiko nazioartekotze arloan, eta nazioarteko hainbat aditu biltzen ditu, besteak beste, akademikoak, enpresetako liderrak eta arduradun politikoak, zeintzuek “mundu mailako egungo eszenatokia eta etorriko dena” aurkeztu baitute euskal enpresetako 600 parte-hartzaile ingururen aurrean.

Ekitaldian hizpide hartu dira suspertze ekonomikoranzko bidearekin lotutako azken joerak. Bestalde, simposium honek aukera ematen die euskal enpresei elkarrizketak egiteko Basque Trade & Invesment agentziak atzerrian dauzkan ordezkariekin, euren proiektuak azaltzeko edo zalantzak eta kezkak planteatzeko. Agentziaren Kanpo Sarea 15 bulegoz eta 34 aholkularitza zerbitzuz osaturik dago eta 95 herrialdetara hedatzen da.

Sailburuak nabarmendu du ekitaldi hau euskal enpresari zuzenduta eta eskainita dagoela, eta gogora ekarri du Euskal Administrazioak baduela Nazioartekotze Plan bat, enpresen atzerriko ezarpenetarako laguntza ekonomikoez gain.

“Plan horretan -adierazi du- oso garrantzitsuak dira nazioartekotzea bultzatzeko laguntzak, 2022ko aurrekontuetan sartuta daudenak eta 10 milioi eurorainoko zuzkidura dutenak”.

Tapiak iragarri du mundu mailako merkataritza eta ardatz ekonomikoa Asiarantz mugituko dela pixkanaka. Egoera berri horri aurre egiteko, “Euskadi- Basque Country dagoeneko murgilduta dago ekonomiaren etorkizuna markatuko duten hiru trantsizio handietan: trantsizio energetiko-klimatikoa, trantsizio teknologiko-digitala eta trantsizio soziosanitarioa”.

Sailburuak gaineratu du Eusko Jaurlaritzaren une honetako erronka dela garapen ekonomikoko eredu berri bat bultzatzea, zeinak jasangarritasuna txertatuko baitu lehiakortasunerako palanka bezala. “Gure asmoa da Euskadi net zero herrialdea izatea 2050erako eta aurrera jarraitzea bikaintasun teknologikoranzko bidean”.

 

Aldaketak 10 urtean

The Futures Agency agentziako presidente Gerd Leonard-ek hauxe azpimarratu du bere hitzaldian: “datozen 10 urteetan aurreko 100 urteetan baino aldaketa gehiago gertatuko dira, eta ez teknologiagatik bakarrik”.  Eta hauxe esan die enpresariei: “zuen industria erabat aldatuta egongo da ziurrenik 10 urte barru”.

Leonard-ek zehaztu du etorkizunari begira ezinbestekoak izango direla digitalizazioa, erabateko deskarbonizazioa eta erreforma. Bere hitzetan, pandemia “azterketa bat izan da klima aldaketaren arloan. Gasaren eta petrolioaren nagusitasuna amaitu egingo da negozio izateari uzten diotenean. Aro digital berria berdea izango da”.

Craig Calhaun-ek, Arizonako Unibertsitateko irakasleak, hizpide hartu du Covid-19aren ondorengo eszenatokia, hauxe esanaz: “erronka geopolitiko bilakatu da, eta erronka horretan lider onenak emakumeak izan dira, gizonek elkarrekin eztabaidatu besterik ez baitute egin. Eta hori seinale txarra izan da klima aldaketarena bezalako beste erronka batzuentzat”.

London Business School-eko irakasle Linda Yueh-k uste du Covid-19aren ondorengo eszenatokiak aurrekoaren antz handia duela, “baina bada aldaketa bat: orain ezinbestekoa da ekonomia garrantzitsuenen arteko lankidetza”.

Financial Times egunkariko kazetari Martin Wolf-ek moderatutako mahai-inguruan munduko ekonomiaren perspektibak aztertu dira. Harvardeko Negozio Unibertsitateko irakasle Christian Ketels-ek nabarmendu duenez, pandemiaren ostean “ez dakigu ekonomiak zein bide hartuko duen”, eta baita ere esan du enpresek euren negozioak dibertsifikatu behar dituztela. Hanburgoko Unibertsitateko ohorezko irakasle Heiner Flassbeck-en iritziz, Europak ez du ikasi “ekonomia itxi bat dela, eta ezin duela esportazioak iritsi zain geratu”. Hong Kongeko Unibertsitateko ohorezko kide Andrew Cheng-ek adierazi du Txinak aberatsen eta pobreen arteko desberdintasuna murriztu nahi duela.

Globalizazioan, merkataritzan eta finantzetan aditua den John Fergurson-ek hizpide hartu ditu euskal industriaren aukerak eta mehatxuak herrialde gorakorrak munduko ekonomian nagusituko diren aro berri honetan. Ferguson-ek aipatu du Vietnam edo Bangladesh bezalako herrialdeetako ekonomiek hazkunde handiak izango dituztela datozen urteetan.

 

Basque Trade & Investment agentziako zuzendariaren hitzaldia

Nazioartekotzeko Euskal Agentziako zuzendari nagusi Ainhoa Ondarzabalek esan du Asiako herrialdeek gidatuko dutela munduko merkataritza 2050ean, “merkataritza globalaren % 40 bereganatuko baitute. Izan ere, 2050. urtean munduko 15 ekonomia aurreratuenetako 7 asiarrak izango dira”. Ondarzabalek iragarri du eremu hartako produkzioa gero eta gehiago espezializatuko dela: “zenbait herrialdek, adibidez Txinak, alde batera utziko dute low-cost fabrikazio eredua eta balio teknologiko handiko fabrikaziora pasako dira, eta beste batzuek, esaterako Vietnam edo Bangladeshek, Txinaren deslokalizazio produktiboa xurgatuko dute”.

Horregatik, uste du euskal enpresek aukerak izan ditzaketela fabrikazio aurreratuaren arloan, besteak beste, makineria eta teknologia produktiboan, eduki teknologikoko produktuetan eta industriari lotutako zerbitzuetan.

Ondarzabalen hitzetan, Agentziak euskal enpresei lagunduko die Asiako bulegoak indartuz, talentuaren sorrera bultzatuz, negozio-aukerak identifikatuz edo digitalizazioa bultzatzeko zerbitzuak garatzen lagunduz.

 

Mahai-ingurua Gestampekin, Mondragon Korporazioarekin eta Haizea Wind Group-ekin

Mundura Begira ekitaldiari buru emateko, euskal industriari eta Asiako merkatuari buruzko mahai-inguru bat egin da. Arantxa Tapia sailburua moderatzaile aritu da eta ondoko hauek parte hartu dute: Francisco Riberasek, Gestamp-eko presidente exekutiboak, Dámaso Quintanak, Haizea Wind Group-eko presidenteak eta Iñigo Ucinek, Mondragon Korporazioko presidenteak.

Quintanak esan du bere sektorean, alegia eolikoan, Asiako merkatuak produkzio-kostu baxuagoak dituela, “kostuak gutxitzeko produkzio-ereduak aztertzen ari gara, adibidez, dorreen zati batzuk Europan egitea”. Riberasek aipatu du Gestampen estrategia autoen fabrikatzaile handiekin lotua dagoela, “gure produktuen %13 Asian saltzen dugu. Asmoa da %20ra iristea hurrengo urteetan. Gure helburua da teknologiagatik lehiatzea, ez kostuagatik”. Ucinek baieztatu du Mondragon Korporazioan “kasuistika anitza” dagoela eskaintzen dituzten produktu desberdinengatik eta 21 produkzio-lantegi dituztela Txinan bakarrik.

Riberasek esan du Asian sartzeko epe luzeko planteamendu bat eta plan serio bat behar direla. “Hara joatea arriskutsua da baina arriskutsuagoa da ez joatea”. Sektore eolikoari dagokionez, Quintanak nabarmendu du Asiako merkatuan “Txinara eta Indiara” joan beharra dagoela. “ETEei esango nieke ahaztu dezatela hazkunde organikoa eta maitekiro begira diezaiotela Indiari”.

Ucinek aipatu du Asiako merkatuan aukerak irekiko direla ekonomia berderako eta osasunarekin zerikusia duen guztirako. Quintanak jasangarritasun arloko mundu guztiko arau komunen garrantzia nabarmendu du eta gaineratu du “aukera ugari” egongo direla.

Hona hemen aurkezpena: Mundura Begira v7